The Underwear Rule

“Kikoren Araua” gurasoei eta zaintzaileei haurrekin elkarrizketa bat hasten laguntzeko ezarri zen. Oso tresna lagungarria izan liteke sexu-abusuaren eta bestelako sexu indarkeriaren aurka babesteko.

“Kikoren Arauak” bost atal nagusi ditu.

1. Zure gorputza zeurea da

Haurrei erakutsi behar diegu haien gorputza beraiena dela, eta inork ezin dituela baimenik gabe ukitu. Adin goiztiar batean sexualitateari eta “gorputzeko zati pribatuei” buruzko komunikazio irekia eta zuzena izatea —sexu-organoen eta gainerako gorputzatalen benetako izenak erabiliz— lagungarri izango da haurrek zilegi zer ez den uler dezaten. Haurrek eskubidea dute muxu emateari edo ukitzeari uko egiteko, hori egin nahi dien pertsona maite duten norbait bada ere. Ukitze desegoki baten aurrean berehala eta irmotasunez “Ez” esaten erakutsi behar zaie haurrei, eta egoera ez-seguruetatik urruntzen, baita beraien bizipenak konfiantzazko heldu bati kontatzen ere. Garrantzitsua da azpimarratzea behin eta berriz saiatu behar dutela, norbaitek aintzat hartu arte.

Liburuan eskuak baimena eskatzen dio Kikori ukitu baino lehen. Kikok baimena ematen dio. Eskuak azpiko arroparen barruan ukitu nahi duenean, Kikok dio “Ez, hori ezta pentsatu ere”. Gurasoek, familia osoak eta zaintzaileek eszena hori erabil dezakete haurrei azaltzeko edozein unetan esan dezaketela “Ez”.

2. Ukitzeko modu ona – ukitzeko modu txarra

Haurrek ez dituzte beti bereizten ukitzeko modu egokiak eta desegokiak. Haurrei esan behar diegu ez dagoela ondo norbaitek haien gorputz-atal pribatuei begiratzea edo ukitzea, edo norbaitek beste pertsona baten gorputz-atal pribatuei begiratzeko edo ukitzeko eskatzea. “Kikoren Araua” lagungarri izango zaie muga argia eta gogoratzen erraza bereganatzeko: azpiko arropa. Helduei ere lagunduko die haurrekin elkarrizketa bat hasten. Haurrak pertsona baten portaera egokia den ziur ez daudenean, ziurtatu behar dugu badakitela konfiantzazko heldu baten laguntza eska dezaketela.

Liburuan, Kikok uko egiten dio eskuak azpiko arroparen barruan ukitzeari. Gurasoek, senitartekoek eta hezitzaileek badute haurrei azaltzea balitekeela heldu batzuek (besteak beste, zaintzaileek, gurasoek edo sendagileek) haurrak ukitu behar izatea, baina haurrak “Ez” esatera bultzatu beharko lituzkete, egoera batean deseroso sentitzen badira.

3. Sekretu onak – sekretu txarrak

Sekretuak nahitaezko taktika dira sexu-abusuak egiten dituztenentzat. Horregatik, garrantzitsua da haurrei erakustea zein den sekretu onen eta txarren arteko aldea, eta konfiantzazko giroa sortzea. Sekretu bat, kezkatzen baditu, edo deseroso sentiarazten, beldurtzen edo triste jartzen baditu, ez da ona, eta ez litzateke gorde behar; konfiantzako heldu bati kontatu beharko liokete (gurasoak, irakaslea, orientzatzailea, polizia, medikua...).

“Ez” egoera batean deseroso badaude. Liburuan, eskuak argi eta garbi ezetz esatera bultzatzen du Kiko, norbaitek modu desegokian ukitu nahi badu. Eszena hori erabil daiteke sekretu on baten (adibidez, ustekabeko jai bat) eta sekretu txar baten (haurra gaizki sentiarazten edo urduri jartzen duen zerbait) artean bereizten laguntzeko. Gurasoek, familiak eta hezitzaileek haurrak bultzatu beharko lituzkete sekretu txarrak beraiekin partekatzera.

4. Prebentzioa eta babesa helduaren erantzunkizunak dira

Haurrak, abusua nozitzen dutenean, errudun sentitzen dira eta beldur dira. Helduok saihestu behar dugu sexualitatearen inguruko tabuak sortzea, haurrek norengana jo jakin dezaten, kezkatuta, urduri edo triste daudenean. Haurrek sentitu dezakete zerbait ez dagoela ondo, baina agian ez dakite nola azaldu edo nori kontatu. Helduek adi eta ulerkor azaldu beharko lukete haien sentimendu eta jokaerarekin. Arrazoi asko egon daitezke haur batek heldu batekin edo beste haur batekin harremana izateari uko egiteko. Hori errespetatu beharko litzateke. Hala ere, haurrek uneoro sentitu beharko lukete gai horri buruz hitz egin dezaketela gurasoekin.

Liburuko eskua Kikoren laguna da. Helduak hor daude, haurrei eguneroko bizitzan laguntzeko. Helduaren arduren artean sexu indarkeriaren prebentzioa lehenengoa eta nagusia da, eta garrantzitsua da haurrek zama osoa beren gain hartu behar ez izatea.

5. “Kikoren Araua” osatzeko aholku lagungarri batzuk

Jakinaraztea
Haurrei esan behar zaie zein diren beren segurtasun-sarearen parte izan daitezkeen helduak. Konfiantzazko helduak —eskuragarri eta entzuteko eta laguntzeko prest daudenak— aukeratzera bultzatu behar ditugu. Segurtasun-sareko kideetako bakar batek bizi behar du haurrarekin; besteek gertuko familiatik kanpokoak izan beharko lukete. Haurrek jakin beharko lukete konfiantzazko sare horretan daudenei laguntza nola eskatu.

Egile ezagunak
Kasu gehienetan, abusuen egilea haurrak ezagutzen duen norbait izaten da. Bereziki zaila da haur txikientzat ulertzea ezagutzen dituen norbaitek abusuak egin diezazkiekeela. Ez ahaztu abusuak egiten dituztenek haurren konfiantza bereganatzeko erabiltzen duten prestakuntza-prosezua. Haurrak ohitu behar ditugu gurasoak, zaintzaileak eta hezitzaileak maiz informatzera, inguruan arrazoirik gabe opariak eskaintzen, sekretuak gordetzeko eskatzen edo haurrarekin bakarrik egoten saiatzen den norbait baldin badabil. Helduei horren guztiaren berri ematea ezarritako araua izan liteke etxean, eskolan eta haurrak egon ohi diren beste edozein lekutan.

Egile ezezagunak
Kasu batzuetan egilea ezezagun bat da. Erakutsi haurrei arau erraz batzuk ezezagunekin jokatzeko moduari buruz: ez igo inoiz ezezagun baten autora, ez onartu inoiz ezezagun baten oparirik edo gonbidapenik, eta abar.

Laguntza
Haurrek jakin beharko lukete badaudela oso lagungarri izan litezkeen profesionalak (irakasleak, gizarte-langileak, herriaren eta haurren defendatzaileak, medikuak, eskolako psikologoa, polizia, eskolako orientatzailea, etab.), eta badaudela telefono batzuk, behar dutenean haurrek beraiek aholkularitza eske deitzeko; besteak beste, Haurrei eta Nerabeei Laguntzeko Europako Telefonoa: 116 111.